Ostegunean, matxoaren 7an, emakumeen eguna ospatzeko bertso poteoa izango dugu Sopelan. Saioa Alkaiza eta Enare Muniategi bertsolariak izango ditugu kantuan, Repercusión Feminista batukadaren musikak lagunduta. 19:30ean, Laiak tabernatik hasiko da poteoa. Anima zaitezte!
Neguko azken egunotan, loreak bezala ernatu dira bertso txapelketak eta plazak: Uribe Kostako txapelketa, Bertso Erronda, Korrikako saioak... Hona hemen ALBEko bertsolariek non kantatuko duten martxoan zehar:
Korrika martxoaren 21ean pasako da Uribe Kostatik eta, horren aitzakian, eskualdeko herrietan agendak ekitaldiz bete dira. Bertsorik ez da faltako, noski. Igandean, 13:00etan, Algortako San Nikolas plazan, Korrika aurkezteko bertso poteoa egingo dugu, Arrate Illaro eta Peru Irastortza bertsolariekin. Martxoaren 16an, Beñat Lopez, Oier Aizpurua, Maialen Lago eta Imanol Uria bertsolariak izango dira kantuan Benta elkartean.
Martxoaren 9an hasiko da 2024ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa! Martxoaren 9an eta 15ean Berangon eta Sopelan lehiatuko dira eskualdeko 16 bertsolari, eta martxoaren 23an Algortan jokatuko dira azken faseak. Nork jantziko ote du aurtengoan Uribe Kostako txapela?
Ostiralean, otsailaren 23an, Algortako Azebarri txokoan egin zen Abra Sariaren 23. edizioa. Euskal Herriko sei bertsolari gazte lehiatu ziren eta, bertsozaleen gozamenerako, saio txukuna egin zuten, Beñat Vidalen gidaritzapean. Buruz burukora Eli Zaldua eta Irantzu Idoate heldu ziren, baina azken honek jaso zituen puntu gehien azkenean. Zorionak Irantzu!
Otsailetik maiatzera Uribe Kostan egingo diren bertso ekitaldien berri bertsozaleei ematea da agenda honen helburua. Bat egin gurekin eta parte hartu bertsozaleon interes eta atseginerako prestatu ditugun ekimenetan. Lauhilekoa bertsoz bete-betea dator, gorde datak zuen egutegietan!