Aurten ere Egizu elkarteak umeentzako Udako Solstizio jaia antolatuko du Algortako San Nikolas plazan. Dantza, magia, txokolatada eta beste hainbat ekintza egongo dira plazan ekainaren 23an, igandean. Horien artean, 20:30ean June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago ALBEko bertsolariak izango ditugu bertsotan.
Leioako San Juan jaiak ekainaren 20tik 24ra izango dira aurten eta, urtero bezala, ekintzen artean ez da bertsorik faltako! Ekainaren 23an (igandea), 13:00etan, June Diaz, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Maddalen Arzallus bertsolariak kantuan izango ditugu J. R. Aketxe plazan, Beñat Vidal gai-jartzailearen esanetara.
Ekainetik irailera Uribe Kostan egingo diren bertso ekitaldien berri bertsozaleei ematea da agenda honen helburua. Ikusiko duzuenez, lauhileko bete-betea dator, bertsoari dagokionez. Bat egin gurekin eta parte hartu bertsozaleon interes eta atseginerako prestatu ditugun ekimenetan. Gorde datak zuen egutegietan!
Hemen da uda! Beroa, eguzkia, hondartza... eta udako plazak: Argi Baltza sariketa, Leioako San Juan jaiak, Sopelako San Pedro jaiak; hona hemen ALBEko bertsolariek non kantatuko duten ekainean zehar.
Zuen tokietara, prest, ja!!! Hemen da Bertso Jaialdi Mundialaren 26. edizioa! Uztailaren 10ean, 19:00etan, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Onintza Enbeita, Joanes Illarregi, Paule Loizaga eta Sustrai Colina bertsolariak Algortako Muxikebarrira etorriko dira, gurekin olgatzera, gurekin bat egitera, eta euren hitz eta doinuekin gure gogo-belarriak liluratzera. Etorri urtean behingo bertso festa erraldoi honetara. Ez zaizu damutuko!
Plan ederra daukagu aurtengo ALBEgunerako: surf ikastaroa! Leioan eta Algortan autobusa hartu eta 10:00etan Sopelako hondartzan izango gara, plisti-plasta ibiltzeko prest. Ondoren, Sopelan bertso-triki-poteoa egingo dugu, eta bazkaldu 15:00etan Artadi garagardotegian. Bazkalostean, bertsoa nagusi.