Arrigorriagan jokatuko dira bihar Bizkaiko taldekakoaren finalaurrekoak eta finala. Arratsaldean zehar hiru finalaurreko jokatuko dira eta irabazleak gauean jokatuko den finalera sailkatuko dira. Arratsaldeko saioetan kantatuko duten taldeen artean, Uribe Kostako Pirata bertso-taldea egongo da. Ekin abordatzeari, eta lortu altxorra!
Igandean, maiatzaren 26an, Bizkaiko ikastolen jaia, IBILALDIA, ospatuko da Getxon. Egunean zehar hainbat ekintza eta ikuskizun egongo dira Algortako gune ezberdinetan: Ereagako hondartzan, Portu Zaharrean, San Nikolas plazan eta San Nikolas ikastolan. Azken gune honetan izango dira kantuan Inazio Vidal, June Diaz, Xabi Paya eta Jone Uria ALBEko bertsolariak, 15:00etan hasita. Hurbildu zaitezte zuek ere txonbo egitera!
Hogeitabost urte igaro dira Egañak eta Lizasok Algortako San Nikolas plazako balkoietatik kantatu zutenetik. Aurten, ekainaren 14an, 21:30ean, Maialen Lujanbio eta Etxahun Lekue bertsolariek kantatuko dute Algortako Portu Zaharreko Etxetxu plazako balkoietatik. Gonbidatuta zaudete bertso historia eder honen parte izatera!
Heldu da Getxoko bertsolaritza ikasleek plaza erreala dastatzeko eguna. Asteartean, maiatzak 14, goizeko 10:00etan, Eskolatik Plazara ekimenak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan batuko ditu, non Miren Amuriza eta Peru Irastortza bertsolariak izango dituzten bidelagun, Nahikari Ayo irakaslearen gidaritzapean.
Eguraldia epeltzen doa, uda laster izango dugu hemen, eta ALBEko bertsolariak eskualdeko hainbat plazatan izango ditugu kantari maiatzeko hilean: herrriko jaietako saioak, txapelketak, bertso bazkaria, Eskolatik Plazara...
Maiatzaren 9tik 15era arte iraungo dute aurtengo Getxoko Andra Mari jaiak. Eskaintza kultural zabalaren barruan, maiatzaren 12an (domeka), bertso saioa izango dugu 12:30ean, kiroldegiko aparkalekuan. Kantuan ALBEko Jone Uria, Naroa Torralba, Peru Irastortza eta Joanes Igeregi bertsolariak izango ditugu, Oihan Diaz gai-jartzailearen esanetara. Anima zaitezte!