Azken bi martitzenetan, maiatzaren 14an eta 21ean hain zuzen ere, Bertso Topaketa bana izan dugu Uribe Kostan. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, eskualdeko ikasleek bertsolaritza saioak jasotzen dituzte Hezkuntza Arautuan, eta ikasturtea amaitzen doala aprobetxatzeko eta ospatzeko, Bertso topaketak egin ditugu.

Jone Uriak eta Sustrai Colinak goi mailara eraman zuten bertso bazkari klasikoa deitu diogun saioa. Ez da lehenengo aldia Bentan bertso ekitaldirik antolatzen duguna. Egoitza zaharberrituko beirate gardenek aukera ematen dute egunaren argitasunaz eta eguneko bertso ederrez batera gozatzeko.

2024ko maiatzaren 14an ESKOLATIK PLAZARA ekimenaren edizio berria egin zen Areetako Andres Isasi Musika Eskolaren entzunareto nagusian. Egun berezia izaten da hori ikasturte osoan zehar bertsolaritza lantzen duten eskola umeentzat, egun berorretan oholtzan kantatzen dituztelako ikasgelan prestatutako bertsoak.
2024ko maiatzaren 11n ITXAS ARGIA dantza taldeak jaialdi ederra burutu zuen Getxoko Andra Mariko pilotalekuan, bertako San Isidroko jaien ingurumarian, elkartearen 60. urteurrena ospatzeko. Ekitaldiak une hunkigarri asko izan zituen. Belaunaldi guztietako dantzariak aritu ziren jendaurrean eta gonbidatu bereziak ere izan ziren, besteak beste, ALBEko bertsolariak.
 

Bizkaiko Taldekako Txapelketa urte birik behin jokatzen da, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak koordinatuta, eta partaideek euren saioak antolatuta. Txapelketa informal samarra, umoretsua eta giro bikainekoa izaten da, plazan gutxi ibilitakoentzat berebizikoa. Uribe Kostan hiru talde ditugu lehian: Karidadeko masokistak, Leioatik Leioara eta Pirata bertso-taldea. 

Apirilaren 17an, asteazkenean, kanporaketa bat izan genuen Algortan. Bertan, Lea Artibaiko “LeartiBai+” eta ALBEko helduen bertso eskolako kideek osatutako “Karidadeko masokistak” taldeak aritu ziren.