Bertso maratoiaren historia

Ez daukagu argiegi zelan hasi zen gaur egun ondo sustraituta dagoen eta urtetik urtera gero eta jende gehiago batzen duen ekitaldi hau. ALBEkide historikoek diote 1985ean-edo San Inazio egunez Urdulizko Txiki Barrin bazkaltzen zutela eta gero Algortan segitzen zutela bertsotan eta parrandan. Bestetik, badakigu handik urte batzuetara AEKren Korrika Algortatik igaro zen batean ALBEkideek ia-ia egun osoko bertso-parranda egin zutela, Korrikaren petoa jantzita. Antza denez, egungo maratoia gertakari bi horien nolabaiteko mixtura edo da. Nolanahi ere, kontua da aspalditik egiten dela bertso maratoia San Inazio egunez (uztailak 31) Algortako kaleetan zehar. Egitaraua, ezinbestean, erabat maratoitarra dugu: bertsosaioa Kasino plazan, bertso bazkaria herriko jatetxeren batean, eta gero, hainbat bertsosaio Algortako hamaikatxo taberna eta kale bazterretan, ordu txikietara arte. Dagoeneko, entzute handia hartu du maratoi honek eta kanpotik ere hainbat jende etortzen da bertsolari biren jardun kilometrikoa entzutera eta bertsolarien emanaz gozatzera. 2015eko edizioan -35. urteurrenekoan, alegia- 80 bertsozale inguruk gurutzatu zuten bertso-helmuga abuztuaren 1eko ordu bi eta erdietan. Ez da marka makala!