Euria barra-barra hasi dugu urteko hilik laburrena, neguko eguzkia noiz aterako zain. ALBEko bertsolariek, egueraldiari kasurik ez eta hurrengo plazetan kantatuko dute hilabetean zehar:
Euria barra-barra hasi dugu urteko hilik laburrena, neguko eguzkia noiz aterako zain. ALBEko bertsolariek, egueraldiari kasurik ez eta hurrengo plazetan kantatuko dute hilabetean zehar:
GURE! jaialdiarekin eta Tartanga ikastetxearekin elkarlanean, otsailaren 7an 14:00etan, Bodega Riojanon izango ditugu Unai Mendiburu eta Paule Loizaga bertsolariak Erandioko tabernak girotzen! Anima zaitezte, giro paregabea egongo da eta!
Euskal Herriko 8 bertsolari gazte Getxoko uretan lehiatuko dira 7an, larunbata: June Aiestaran, Beñat Zeberio, Enara Gallastegi, Irune Basagoiti, Aitor Tatiegi, Bittor Altube, Kattin Madariaga eta Hegoi Amabizka. Lehenengo kanporaketa 17:30an jokatuko da Saniko tabernan, eta bigarrena 19:00etan Las Barreras tabernan. Finala 21:00etan hasiko da Abian elkartean. Nork jantziko ote du Abrako txapela?
Urtea ondo amaitzeko, abenduaren 30ean bertso poteoa daukagu Algortan, Abian kultur elkartearekin batera antolatuta. Unai Mendiburu eta Amets Arzallus bertsolariak kantuan izango ditugu 20:00etan Triku tabernan, ondoren Mugarrin eta ibilbidea Abian elkartean amaituko dute. Ez hutsik egin bertso urteko azken saiora!

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren saioa Gasteizen jokatu da urriaren 2an, Europa Jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan. 650 bertsozaleren aurrean kantatu dute Manex Agirre Arriolabengoa, Iban Urdangarin Lardizabal, Miren Artetxe Sarasola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Haritz Mujika Lasa bertsolariek, Oier Azkarraga Grajales gai-emailearen gidaritzapean.
Haritz Mujika izan da saioaren irabazlea, 695,5 punturekin, eta zuzenean sailkatu da Donibane-Garaziko finalaurrekora, urriaren 29an jokatuko dena. Miren Artetxe eta Iban Urdangarin izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Saioaren sailkapena:
| Haritz Mujika | 695.50 |
| Miren Artetxe | 670.00 |
| Iban Urdangarin | 660.50 |
| Xabat Galletebeitia | 655.50 |
| Amaia Iturriotz | 648.00 |
| Manex Agirre | 573.50 |
Informazio gehiago txapelketaren webgunean.
LAU LETRATXO izeneko bertsoak orobiltzen du ondoen gure eskolaren funtsa eta izaera:
Lau letratxo elkarren ondoan
akronimoa da, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
Parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsolari bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro;
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:
ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE
BIHOTZA BAKARRA DAGO!!!
Eskolak ematea
Transmisioa ALBEren helburu estrategiko nagusia dela esan genezake, erratzeko beldur handirik gabe. Bertsolariak sortu nahi ditugu, hitza arte bihurtuko duten bertsolari artistak, hain zuzen ere (35. urteurreneko leloak dioen moduan); eta horrek ondo koipeztutako makineria martxan jartzea eskatzen du, ezinbestean. Eskolatik bertsolari-eskolarako jauzia ematen laguntzeko hainbat irakasle eta laguntzaile ditugu. Eurak dira gure proiektuaren zutabe nagusietako bat. .
Ekitaldien antolaketa
Sustapenak ere garrantzi izugarria dauka gurean, bertsolariek inguru egokia behar baitute, beren dimentsio guztietan garatuko badira. Gure urteroko bertso-agenda ikaragarria da. 30 ekitaldi inguru, haietariko zenbait erreferente argiak direnak Euskal Herri mailan. Halandaze, bide beretik jarraitzeko borondate irmoa daukagu..
Ikerkuntza eta berrikuntza lanak
“Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” dio esaera zaharrak. Eta horregatik gara gu atzera begiratzen honen zaleak: etorkizunean urrats sendoak eman nahi ditugulako! Une oro ari gara ALBEkideok pentsatzen zer ekitaldi berri sortu, kudeaketa zelan hobetu, emaitzak zelan ugaritu, jende gehiagorengana zelan heldu… Eta arlo horretan ez daukagu bide erdian gelditzeko ezertariko asmorik. Ez horixe!
Elkarlana
Zorionez, gure helburu anbiziotsuak betetzeko ahaleginean ez gaude bakarrik. Bidelagun ditugu erakundeak, elkarteak, eragileak, zaleak… Haiekin batera eta neurri handi batean haiei esker iritsi gara gauden tokiraino, eta haiekin batera jarraitu nahi dugu bidean aurrera. Mila esker guzti-guztioi bihotz-bihotzez!