Sopelako jaietako kuadrillen sari banaketan aspalditik egiten dugu bertso saioa. Aurtengoan, Paule Loizaga, Oihan Diaz eta Unai Mendiburu ALBEko bertsolari gazteek kantatuko dute. Larunbatean, uztailaren 2an, 20:00etan, Sopelako txosnagunean.

Sopelako jaietako kuadrillen sari banaketan aspalditik egiten dugu bertso saioa. Aurtengoan, Paule Loizaga, Oihan Diaz eta Unai Mendiburu ALBEko bertsolari gazteek kantatuko dute. Larunbatean, uztailaren 2an, 20:00etan, Sopelako txosnagunean.
Igande honetan, ekainaren 26an, Sopelako San Pedro jaietako egun morean bertso saioa izango dugu txosnagunean, 12:00etan. Saio feminista izango da aurtengoa, Naroa Torralba, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Saioa Alkaiza bertsolariekin. Miren Loizaga izango da gai-jartzailea.
Larunbatean, ekainaren 25ean, Leioako jaietako bertso saioa egingo da Bulebarrean. 20:00etan hasita, kantuan izango ditugu Oihana Iguaran, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Aitor Bizkarra bertsolariak. Xabi Sainz de la Maza izango da gai-jartzailea.
2021ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Iruñean jokatu da, azaroaren 28an. 17:00etan, 1.750 bertsozale inguru elkartu dira Iruñeako Anaitasuna kiroldegian aurtengo finalistak lehian ikusteko: Eneko Fernandez Maritxalar, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Alzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria.
Buruz-burukoan Saio Alkaiza eta Eneko Lazkoz ibili dira, eta azkenean txapela Saioa Alkaizak jantzi du. Hauek izan dira finaleko puntuazioak:
1. Saioa Alkaiza..................995 puntu
2. Eneko Lazkoz.................992 puntu
3. Julio Soto........................627,5 puntu
4. Joanes Illarregi...............596 puntu
5. Xabier Silveira................592,5 puntu
6. Xabat Illarregi.................582,5 puntu
7. Josu Sanjurjo.................580,5 puntu
8. Eneko Fernandez..........573 puntu
Informazio gehiago Bertsozale Elkartearen webgunean.
LAU LETRATXO izeneko bertsoak orobiltzen du ondoen gure eskolaren funtsa eta izaera:
Lau letratxo elkarren ondoan
akronimoa da, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
Parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsolari bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro;
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:
ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE
BIHOTZA BAKARRA DAGO!!!
Eskolak ematea
Transmisioa ALBEren helburu estrategiko nagusia dela esan genezake, erratzeko beldur handirik gabe. Bertsolariak sortu nahi ditugu, hitza arte bihurtuko duten bertsolari artistak, hain zuzen ere (35. urteurreneko leloak dioen moduan); eta horrek ondo koipeztutako makineria martxan jartzea eskatzen du, ezinbestean. Eskolatik bertsolari-eskolarako jauzia ematen laguntzeko hainbat irakasle eta laguntzaile ditugu. Eurak dira gure proiektuaren zutabe nagusietako bat. .
Ekitaldien antolaketa
Sustapenak ere garrantzi izugarria dauka gurean, bertsolariek inguru egokia behar baitute, beren dimentsio guztietan garatuko badira. Gure urteroko bertso-agenda ikaragarria da. 30 ekitaldi inguru, haietariko zenbait erreferente argiak direnak Euskal Herri mailan. Halandaze, bide beretik jarraitzeko borondate irmoa daukagu..
Ikerkuntza eta berrikuntza lanak
“Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” dio esaera zaharrak. Eta horregatik gara gu atzera begiratzen honen zaleak: etorkizunean urrats sendoak eman nahi ditugulako! Une oro ari gara ALBEkideok pentsatzen zer ekitaldi berri sortu, kudeaketa zelan hobetu, emaitzak zelan ugaritu, jende gehiagorengana zelan heldu… Eta arlo horretan ez daukagu bide erdian gelditzeko ezertariko asmorik. Ez horixe!
Elkarlana
Zorionez, gure helburu anbiziotsuak betetzeko ahaleginean ez gaude bakarrik. Bidelagun ditugu erakundeak, elkarteak, eragileak, zaleak… Haiekin batera eta neurri handi batean haiei esker iritsi gara gauden tokiraino, eta haiekin batera jarraitu nahi dugu bidean aurrera. Mila esker guzti-guztioi bihotz-bihotzez!