ALBEko BAT-BATEKO TALDEEN AURKEZPEN-EKITALDIA

2016ko azaroaren 11n 18:30ean Aldai Patronatuaren Algortako egoitzan aurkeztu zen ALBEk gazteen bat-bateko taldeetarako diseinatu duen programa 2016-2017 ikasturterako. Aurretiaz ahoz eta idatziz jakinarazi zitzaien talde horietan dabiltzan ikasleei eta euren gurasoei ohiko eskolez gain ikasturte osoan zehar egingo diren ekitaldi berezien berri aurrez aurreko aurkezpen batean emango zitzaiela.

Ekitaldiaren lehenengo zatian Peru Vidal egungo bertso-irakasle eta koordinatzaileak eta Joseba Santxo irakasle eta koordinatzaile historikoak -ALBEko teknikari Naia Lambertoren laguntzaz- programaren xehetasunak eman zizkieten Itxasganera hurreratu ziren gurasoei. Aldi berean, ALBEko Beñat Vidal, Paule Loizaga, Inazio Vidal eta Unai Mendiburu irakasle eta dinamizatzaileek bertso-jolasak egin zituzten bertaratu ziren ikasleekin beste gela batean. Ekitaldiaren bigarren zatian, areto nagusian elkartu ginen denok, 2015ean ALBEk antolatutako ekitaldien bideoa ikusteko, eta elkarrekin askaritxo bat jateko. Ikasleen gurasoek asko estimatu zuten ekimen hau, eta joan ziren ikasleek ederto batean pasatu zuten urtero-urtero errepikatzeko asmoa daukagun hitzordu interesgarri honen lehenengo edizioan.

Programaren inguruko xehetasunak eta bat-bateko taldeen informazioa webgunean eskegiko dugu aldian-aldian: www.albe.eus