JOSE MIGUEL BEGOÑA SOPELAKO BERTSOZALEA ZENDU DA

ALBEren 35. urteurrenean, 2015ean, merezitako AHOBI saria eman genion bertsozale fin eta ALBElagun aspaldiko honi. Orain, umezurtz utzi gaituen honetan, bihoazkio gure doluminik eta sentikorrenak haren sendi osoari, eta gure agurrik ohoretsuena bertsozale apal bezain handiari. Beti arte, Jose Miguel!

Eskualdean izan ditugun bertsozalerik estimatuenetakoa izan da Jose Miguel. Haren ahotik makina bat kontu jakingarri ikasi genuen Uribe Kostako antzineko bertsogintzaren inguruan. Asko zekien, jakin, behialako bertsolarien ibileren berri. Baina berbaz beti apal eta eskuzabal. Beti laguntzeko gertu. Benetako gozamena zen haren ondoan jarri eta haren ahotik arteragoko kontuak entzutea. Haren sendikoak ere ez dira arrotz eskolaren ingurumarian. Julen semearen albokak askotan animatu izan ditu bertsolarien ekitaldiak. Mikel, Irantzu, andre Begoña... Familia zoragarria gizon zoragarriaren inguruan. Ez dugu sekula ahaztuko!

Jose Miguel Begoña
adiskide ona,
zure joanak laga dau
hutsune sakona.
Bertso kontuan berbaz
askotan egona,
ingurukoeri poz
handiak emona...
jakin zure hazia
erainda dagona!

ALBE