Beteranoen erakustaldi aparta

  • ALBEren urteko bertso-agendan klasiko ezaguna dugu BIHOTZA GAZTE ekitaldia, aspaldi abiatu baitzen bertsolari beteranoen bertsokeraz ikastea eta gozatzea helburu duen ekimena. Hainbat eta hainbat bertsolari zaildu eta eskarmentu handiko igaro dira BIHOTZA GAZTEren oholtzatik, eta aurton bikote berezia zegoen iragarrita: Anjel Mari Peñagarikano eta Millan Telleria. Albizturdarrak biak, adiskide mamiak eta betiko bertso-lagunak. Gauza asko zuten amankomun eta horiei guztiei beste bat erantsi behar: doazen bertso-plazara doazela, dena emateko jarrera eta gogoa!