BARRIKAKO AZOKAN BERTSOZ ELIKATZEN

Badira zenbait urte ALBEko bertsolariek Barrikako San Juan jaietan parte hartzen dutela. Gainera, parte hartze gozoa izaten da hori, bertako nekazaritza eta eskulangintza azoka saltokiz saltoki koplatzeko ardura hartzen baitute.

Aurtengoan Josu eta Aritz Landeta aita-semeak izan dira Barrikako zeia  bertsoz janzteko aukeratuak. Ordu bete eta laurdeneko saio eder eta airosoa biribildu zuten landetatarrek.

Saioa hamaika eta erdietarako iragarrita bazegoen ere, apur bat geroago ekin zioten lanari, meza ostean jende gehiago batuko zelakoan. Eta halaxe izan zen. Bertaratuek, beraz, nekazaritzako produktu bikainez gain, bertso fresko eta ederrez gozatzeko aukera izan zuten.

Saioa bizia izan zen, erritmo onekoa eta umorezko zipriztinez josia. Aritz Landetak argi erakutsi zuen etorria, ahotsa eta erritmoa ez ezik, bertsoa tolesteko gaitasun aparta ere baduela. Badu nogana eman!

Saltzaileen artean denetarik ikusi genuen: bertsoak adi-adi entzuten zituztenak, txalo jotzen zutenak, euren mugikorraz bertsolarien jarduna grabatzen zutenak...

Argi geratu zena da gastronomia eta bertsolaritza ez direla bateraezinak eta oso plan kilikagarria izan daitekeela bertoko jeneroak erostea bertso ederrak entzun bitartean.

Laburbilduz, aho-zapore gozoa utzi zigun Barrikako zeian landetatar aita-semeek prestatu ziguten bertso-otorduak! Bejondeiela!!!