ALGORTAKO KANPORAKETAN MAILA ONA ETA GIRO ITZELA

Algortan eman zitzaion jarraipena Uribe Kostako Bertsolari Txapelketari, eta noski, jendeak ere ez zuen huts egin. Algortak beste behin bere bertsozaletasuna atera zuen plazara.

Martxoaren 16an jokatu ziren bigarren ostiralez kanporaketak. Lehen saioa Saniko tabernan jokatu zen, eta arratsaldeko zazpiak izanda ere, jendetza batu zen saioaz gozatzeko. Bertan, Imanol Uriak irabazi zuen. Bigarren geltokia Tunel Boca taberna izan zen. Hemen ere orotariko jende ugari bildu zen, eta giro bero horretan murgilduta, Peru Vidal nagusitu zen. Kanporaketetako azken saiorako, Villamonte tabernak hartu gintuen, etxeko legez. Giroak, goraka jarraitzen zuen eta hori ondo nabaritu zuten bertsolariek. Arrate Illarok lortu zuen puntu gehien.

Baina bertsolarien lan ederra, ez zen posible izango antolatzaile, epaile talde eta gai-jartzaile talderik gabe, eta noski, beraiek ere txalo zaparradak jaso zituzten hiru saioetan. Gaijartzaile German Kortabarria ibili zen lehenengo saioan, eta Miren Loizaga gainerako bietan. Lan ona egin zuten bi-biek. Epaimahaian lehengo eta oraingo jendea aritu zen, Joseba Santxo koordinatzaile dela: Josu Arroyo, Leire Iriondo, Aitor F. Martikorena, Nagore Uribe-Etxebarria eta Araitz Lasa. Idazkari lanean Karmele Elosegi eta Arkaitz Gomez Arkan. Aipatzekoa, era berean, gaijartzaile taldeak egindako lana, Miren Loizaga, German Kortabarria, Nahikari Ayo, Aitor Fernandez Martikorena, Naiara Etxaiz, Jon Amezaga, Olatz Larrinaga eta Goizalde Atxutegi.

Eskualdeko makinariak ederto funtzionatu zuen bigarren pauso honetan ere.

Nabarmendu beharreko beste puntu bat diseinuarena da. Itsaso Bartolome diseinatzaileak lan aparta egin du oraingoan ere. Saioetako karteletan daukazue horre froga. Bai eta martxoaren 24an Sopelako finalean nagusitzen denari jantziko zaion txapelaren diseinuan ere.

Kanporaketak amaitu dira, beraz, baina oraindik itzelezko eguna dugu zain larunbat honetan Sopelan. Bertan, finalaurrekoak eta finala jokatuko dira, eta seguru gaude -kartelari erreparatuta- bertso-festak eztanda koloretsua egingo duela! Halandaze, badakizue, animatu Sopelara etortzen, Uribe Kostako bertsoaren egun handira!