NEKAZARITZA-AZOKAN BERTSOAK ENTZUNGAI

Ekainean sanjuanak,
festetan Barrika,
ALBEkook daukagu
urteroko zita!

2017ko ekainaren 25a, domeka eguerdia. Barrika bertsoz alaitzeko asmoz ALBEtar bi: Galder Bilbao Martinez “Txapi” eta Iñigo Kortazar Elias.

Eguerdiko meza amaitu berritan, lehenengo bertsoak elizatik irteten ari zirenei bota zizkieten. Fededunenak eginda, urtero Barrikan antolatzen duten nekazaritza-azokara abiatu ziren bi bertsolariak. Ohiturari men eginez, hasierako agurrekin hasi ziren, eta jarraian postuz postuko jardunera pasatu ziren. Askotariko bendejea aurten ere, beraz, bertsotarako amurik ez zen falta izan.

Patua patu, postuetako salgaien ordena otordu baten antza hartu zuen. Lehen-lehenik, barazki eta bestelako ortuariak izan zituzten kantagai, eta gero, menuko bigarren platererako jakiak: odolkiak eta bakailaoa. Tartean, arabar Errioxako ardorako tartea ere egon zen. Ondoren, postrera pasatu ziren bertsolariak: pastela eta txokolatezko bizkotxoekin. Amaierarako, Zornotzako sagardoa eta bilbotar ekoizle batek egindako likorea. Honekin guztiarekin, Txapik eta Iñigok bertso-menua osatu zuten.

Goiza amaitzeko, pala txapelketako txapeldunei ondo merezitako zorion-bertsoak kantatu zizkieten. Gora txapeldunak, eta bertsoa txapeldun!!!