Otsailaren 7an Abra Sariaren XXV. edizioa jokatu zen Algortan. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako zortzi bertsolari gazte bi kanporaketetan lehiatu ziren. Finalera June Aiestaran, Irune Basagoiti, Bittor Altube eta Kattin Madariaga heldu ziren, eta azkenean, Bittor nagusitu zen. Zorionak!
Lehenengo kanporaketa Algortako Saniko tabernan egin zen arratsaldeko 17:30ean. Bertsotan June Aiestaran, Irune Basagoiti, Beñat Zeberio eta Hegoi Amabizka aritu ziren, Maialen Lago gai-jartzailearen esanetara. Irunek eta Junek lortu zituzten puntu gehien, finalera sailkatuz.
Bigarren kanporaketa Las Barreras tabernan jokatu zen 19:00etan, Hegoi Larrazabal gai-jartzailearekin eta Aitor Tatiegi, Enara Gallestegi, Bittor Altube eta Kattin Madariaga bertsolariekin. Saioaren amaieran, Bittor eta Kattin pasatu ziren finalera.
Finala Abian kultur elkartean egin zen. Nagore Landeta gai-jartzailearen gidaritzapean, sei ariketa egin behar izan zituzten finalean kantatu zuten bertsolariek: librean hiruna bertso, hamarreko txikian hiruna bertso, kantu bati bertso bat, habanera puntuka, koplak eta, azkenik, ganbarakoan bina bertso kantatu.

Horrela geratu zen XXV. Abra Sariko finalaren sailkapena:
1. Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño) 280 puntu.
2. June Aiestaran Iparragirre (Beasain) 261,5 puntu.
3. Irune Basagoiti Agirre (Ermua) 250 puntu.
4. Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza) 245 puntu.
Epaile lanetan Paule Loizaga, Naroa Torralba eta Jon Amezaga aritu ziren, eta idazkari lanetan Nerea Zubizarreta. Josu Landetak sariak banatu zituen eta irabazleari txapela jarri zion.
Saioaren irudiak hemen dituzu ikusgai.