Argitaratze data: 2023/11/30

Heldu da bertso urtea agurtzen hasteko ordua. Abenduaren 10ean Algortako La Ola jatetxetik egingo diogu agur onena eman eta kendu digun urteari. Gure eskolako sortzaile eta lehendakari Trino Azkoitia joan berri zaigu, bertso ekimenez betetako urte honetan. Zapore gazi-gozoa utzi digu horrek. Baina Trinoren espiritu alai eta gaztearekin kutsatuta, ilusioz ekin diogu ALBE GALA itzela prestatzeari. Beti arte, Trino! Adiorik ez!!!

Argitaratze data: 2023/11/23
Baditugu Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketaren 15. edizioko irabazleen izenak! Jartzaile errimeon bertso ederrak abenduaren 10eko ALBE GALA ekitaldian entzungo dituguSari-emateaz gain, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bertsotan arituko zaizkigu, ALBEko bertsolariekin batera. Koktela, musika eta dantza ere ez dira faltako. 
Argitaratze data: 2023/11/27

Trino, bertso xume batzuk / behar dizkiagu jarri / gizon txiki handi baten / ekarpenen laudagarri. / Bertsolari eskolaren / sortzaile eta euskarri; / zenbat poz, zenbat une on, / kopla zahar zein bertso barri. /  Zaharrenetik gazteenera / aipatu diagu sarri, / Trino, heu haizela, izan, / denontzat eredugarri. / Mukur gainera igota / egin dezagun aldarri / hire eskola dugula / bihotz barruan ezarri!                          ALBEkideok

Argitaratze data: 2023/11/24

Leioako Nekazaritza eta abeltzaintza azokari hasiera bikaina emateko, aurreko egunean, abenduaren 2an, bertso saioa egongo da 19:00etan Bulebarrean.

Peru Vidal, Josune Aramendi, Unai Iturriaga eta Eli Pagola bertsolariek kantatuko dute, Beñat Vidal gai-jartzailearen gidaritzapean. 

Uribe Kostako Mankomunitateak hainbat ekitaldi antolatu ditu Kulturaldian. Horien artean,  abenduaren 1ean bertso saioa daukagu Sopelako Kurtzio kultur etxean. 20:00etan hasita, kantuan izango ditugu Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Imanol Uria eta Sustrai Colina bertsolariak, Haritz Urrutikoetxea gai-jartzailearen esanetan. 

Argitaratze data: 2023/11/23